XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arana-Goirik euskaldungoaren egoera aldatu nahi eban bai politika eta bai beste arlo guztietan.

Euskera barriztau nahi eban, ez zan hizkuntzaren batasunaren aldekoa, bai, ostera, ortografiaren batasunarena, baina praktikan bide honetatik euskalki bakotxaren elementu bereizgarriak indartzera joko zan.

Berak Markinaldeko idazle klasikoena aukeratu eban, fonetismo, bustidura eta guzti.

Ortografia barriztau eban (Lecciones de Ortografia del Euskera Bizkaino, 1896), h baztertuaz eta x eta tx eta r gandorduna eta l tiletduna bultzatuaz, apostrofo eta marratxoaren erabilera arautuaz (Bizkaya'ren semiak, beñik-bein), erdal pertsona-izenak jatorrizko ortografian idazteko aginduaz eta leku-izenak be jatorrizkoan edo euskal fonetikari egokituta (France: Parantze), guzti honetan Azkueren aurka.

Hitzei dagokienez, mailebuak baztertzen ditu, jakina, hitz barriak sortuz (inoiz Larramendiren batzuk bere erabiltzen ditu, harenak direnik jakin barik, adib. biztanle, kondaira, ogutzi, ...).

Hitz barriok sortzeko eta eratzeko legeak Astarloagandik hartu eta ustezko lehen erro + lege fonetikoen bidez osatzen ditu: aba ampgt; abenda, aberri, ain ampgt; aintza, e(g)uzki ampgt; euzko, Euzkadi, euzkera, e.a.

Ikusten danez, bere usteko etimologismo eta bere gogoko lege fonetikoek ordura arte ohizkoa zan oguzkera, ortografia eta hitzen itxura osoa aldatzen dabe: azkatu soltar, esker izquierda, zinetsi, a(d)izkide, zorgin bruja, ixan, gixona, e.a.

Atzizki batzuk zabaldu zituan, adib. -tar (deituretan).

Hitz zaharrei dagokienez, Aranak bizkaieraz beste euskalkietako hitzik ez dau erabiltzen ia, igande, ast(e)arte, itz-egin edo besteren bat izan ezik, eta eurok erdal kutsugabeak diralako.

Morfologia arloan, eta aditzarenean, Aranak eta bere jarraitzaileek daust, dautsat, gaiz, zaiz, daiz, gintzan, zintzan (gintzazan, zintzazan be bai), e.a. bultzatu zituezan, forma klasikoak aldatuaz (deust, deutsat, gara, da,...); -z pluralgilea, -it- baztertuaz; adizki trinkoak ugari darabilez, bokal eta iotaz (j) hasten diran aditzetan; eztok-eta-baidok edo hitanoa subjuntiboan eta inperatiboan -oker, jakina eta jarraitzaile batzuek baita konpletibetan be.

Izenaren morfologiaren arloan, instrumental kasuan -tzaz; ergat. sing. gixonak vs pl. gixonaik amplt gixona-e-k; erakusleetan ergat. sing. onek, orrek, arek eta pl. oneik, orreik, areik; genitiboaren marka ezabaketa izenordain eta izen propioetan (neu-bekokija); deklinabide-atzizkietan hitzak kontsonantez ala bokalez amaitzen diran konturik ez dabe, adib. genit., elatib. -an, -dik (egunan, egundik); izen propioetan -e andrazkoaren marka moduan (Karle vs. Karla Carlos), e.a.

Esandako euskeramodu berriaren erakusburu onak dirateke ondoren jarriko ditugun Arana-Goiriren olerkiok.